Zer da?


ZER DA?

Bagera Elkarteak eta Donostia2016 Fundazioak elkarlanean sortutako egitasmoa da. Hizkuntzen inguruko sentsibilizazioa eta hausnarketa eragin nahi du egitasmo honek, eta horretarako, kalean kokatuko diren EUSKARRIAK erabiliko dira.

HELBURUAK

Hizkuntza-aniztasuna aberastasun-iturri dela aldarrikatu nahi da, gu guztiok gozatu dezakegun aberastasuna hain zuzen ere. Elkarrekin eta nahasian bizi gara, denak gara nor, eta guztien hizkuntzek dute tokia.  Aniztasun hori zaintzea denon hobe-beharrerako dela azaldu nahi da. Euskararen lurraldea dugu hau, euskarak batu gaitzake hiztun anitzak. Aniztasuna zaindu nahi badugu, euskara etxeko eta kaleko egin behar dugu. Hau dena azaldu nahi da EUSKARRIAK erabiliz.

NON ETA NOIZ

EUSKARRIAK Donostiako kaleetan zehar agertuko dira 2016an zehar. Batzuk dagoeneko hor daude, edozeinen begietara. Beste batzuk, berriz, beste momentu batean sortuko dira. Ezin jakin noiz, eta ezin jakin non. Baina topatuko ditu, ibiltzen denak. Agertzen diren heinean MAPAn kokatuko dira, eta nola sortu diren azalduko da.

NORK

EUSKARRIAK sortu dira jende askok hazi asko jarri dituelako. Eskerrik beroenak prozesuaren fase desberdinetan lagundu duten guztiei. Proiektuaren hasiera zein izan zen azaltzen da SORBURUAn.